Zorrakin, Eskarai aldean

2017-ko apirilaren zortzian, Ezkaraira joan ginen handik jasotako gonbidapenari erantzunez. Antolatzaileen asmoa, Zorrakin herrian berriztutako kanpaiak bedeinkatu eta inauguratzea zen.

Beraiek eskatu bezala, eguerdiko hamabiak baino lehentxoago han geunden, San Esteban Protomartir elizan. Sartu eta eskumara, San Vitores, herriko patroiaren irudia zegoen, lepotik moztutako burua, eskerreko eskuan zuelarik. Eleiza inguruetan bazegoen jendea baina kanpantorrera igo ginen kanpaijoleak han egongo zirelakoan. Eta halaxe zen, gora iristean eta gu ikusi orduko bazekiten nortzuk ginen. Gure blogaren abantailetariko bat.

Aurkezpenak egiteko denborarik gabe, abarea agertu zen eta kanpaiak bedeinkatu zituen. Bera etzen geratu hortik aurrerekoak ez ikustera eta ez entzutera. Kanpaiak garbi garbi zeuden, batzuk alemaniara bidaliak izan ziren zeuzkaten brintzak soldiatzera, beste batzuei uztarri berria jarri eta garbitu egin zituzten, baita mihi berriak jarri ere. Kanpai denak zuten itsura ederra, ikustera ohituta ez gauden bezala, brontzezkoak diren arren, urrezkoak ziruditen, kolore hori disdiratsuarekin.

DSCF2729

Gonzalok kanpaiei sokak kendu eta buelta kanpaiak jo behar genituela esan zigun. Ospakizunetan geunden eta buelta kanpaiak jo behar ziren, jaietan bezala. Hasi ziren denak kanpaiei lehen balantzak ematen eta gure ondoan zegoen kanpai txikiari eragiteko inor ez. Keiñu bat egin zidan Gonzalok eta laister ulertu nuen nik jotzeko eskatzen ari zitzaidala. Minutu luze batzutan eragin nion kanpaiari eta Pedrok jarraitu zuen niri erreleboa emanez.

Hurrengo joaldia abixuarena zen, hau da, eurentzat “arrebato” zeritzona. Kanpai denekin, inungo zentzurik gabe, miñari alde bietara eraginez jo behar zena. Modu horretan gertakizun arriskutsu edo bereziren bat gertatzen zenean jotzen zena, berezia sentzu negatiboan noski. Adibidez sute bat edo etxe baten erorketa edo istrupuren bat… Oraingoan kanpai txiki hori Ismaelek jo zuen, momentu horretan ezagutzen ez genuen arren, gero elkarrekin barriketan hastean berari buruz entzundakoa nintzela konturatu nintzen, bera ere kanpaiak jotzen erakusten hari bait da Espinosa de los Monteros, Burgoseko bere herrian.

Horeixena jotzeko txanda heldu zen, “tente nublo” erdal hizkuntzan. Titi tata titi ta, sinple bat luzaroan jo eta gero tata titi tata ti berriz ere luze, kanpai biak batera jota amaituz. Guk ezagutzen dugun joaldi arabarra baino sinpleagoa, arabarren joaldian, han jo zen tarte horretaz gain, sarrera bat jotzen da eta doinu aldakorragoa da.

Hangoak amaituak zeuden eta ez zitzaigun gure joaldiak jotzeko aukera handirik eman. Pedro animatu zen eta Aixolako errepika jo zuen, beste inor etzen animatu. Udaletxera bidea hartu genuen bertan kanpaien konponketen berri eman behar ziguten eta denboraz ezebiltzan soberan antolatzaileok.

DSCF2723

Gonzalok eman zituen azalpenak, kanpaiak apurtzearen arrazoi desbesdinak azaldu zituen eta kanpaien konponketen nondik norakoak azaldu zizkigun. Kanpaiei buruz asko zekiela erakutsi zuen hitzaldi interesgarri hartan eta beste toki batzuetan baino sentsibilitate gehiago dagoela ikustarazi zigun. Kanpaiak konpontzeko egindako horrelako ahalegin ekonomiko eta pertsonala ez bait da edonon aurkitzen.

Ondoren, luntsaren ordua iritsi zen, zurrakapote dastaketarekin. Kanpaijoleak ginenen arteko elkarrizketen momentua zen. Gonzalok ezagun askorekin egon beharra zeukan eta beranduxeago gerturatu zen guregana. Ismaelek eta guk luzaro hitzegin genuen gure esperientzia eta ezagupenei buruz. Bazkaltzera Ezkaraira ere batera joan ginen hirurok eta bostak laurden gutxi arte, Gonzalorekin elkartzeko jarri genuen ordurarte hain zuzen ere, gai bakarra egon zen gure ahotan: kanpaiak.

Zergaitik bostak laurden gutxi? Ezkaraiko elizan bostetan Matachinek, barruan dagoen kanpaitxoa joko zuelako, ordu oro jotzen duen moduan. 1683. urtekoa da eta esaten dutenez, Burgoseko Papamoskasa egin zuen artista berarena da eta hiru urte lehenagokoa da gainera.

Jarraian kanpandorrera igo ginen, eta bertako kanpaiak erakutsi zizkiguten. Bi romana eta hiru eskiloi. Romana bati Garbancera deitzen diote, jai bisperatan jotzen delako. Besteari Dominguera deitzen diote, domeketan jotzen delako. Ospatu beharreko jaiaren garrantziaren arabera, hiru, lau edo bost kanpaiak jartzen dituzte bueltaka.

Arratsalde dena pasa genuen kanpandorreak bisitatzen. Arratsaldeko bostetan hasi eta zortzi terdirak arte. Ezkaraiko Allendeko ermita, Valgañoneko San Lorenzo eliza eta Nuestra Señora de las Tres Fuentes eliza nagusia, Ezkaraiko Santa Barbara ermita eta amaitzeko, Zaldiernako eliza. Batzuetan gora igota eta beste batzuetan gora igo gabe, Gonzalok giltzarik etzuelako.

Kontu berezi asko kontatu zizkigun Gonzalok. Adibidez Allendeko ermitatik prozezioa irtetzen zenean, ermitako kanpaiek laguntzen zioten, baina erreka gurutzatzean, Ezkarai herriko kanpaiak hasten ziren bueltaka eta Allendekoak ixildu beharra izaten zuten prozezioa bere eremutik irtetzen zelako. Erreka bueltan gurutzatzean, Ezkaraiko kanpaiak ixildu behar izaten ziren berriz. Bigarren adibide bezala, Valgañoneto Tres Fuentes eliza nagusia herritik urrun aurkitzen da eta San Lorenzo ermita herrian bertan dago, baina ermita izanda, ezin zen mesarik ospatu bertan egunero. Beraz, ermitari eleiza izaera emateko eskatu zioten obispauari eguneroko mesak bertan ospatu ahal izateko.

Horrelako beste hainbat kontu eta anekdota kontatu zizkigun, baina guretzat gustokoena zena, kanpaien eta kanpai joaldien berezitasunak ziren eta horietaz arratsalde denean zehar hitzegin genuen. Kanpai bakoitza zein urtetan egin zen, noiz beregin ziren horietako batzuk, jotzeko orduan ze arazo zituzten beste batzurekin, zeintzuk jotzen ziren behetik eta zeintzuk gora igota, etabar luze bat.

Benetan aberasgarria izan zen eguna eta bertan egindako arremanak etorkizunerako oparoak izango direla zihur gaude.

Amaitzeko Gonzalori eskarrak eman nahi dizkiogu eta egunen batean guk antolatutako ekintzetara gerturatzea nahi genuke eta eskertuko genioke.