ALLO 2018-ko maiatzak 26

Juane Arientzako Kanpaijole Eskolakook Allon egon ginen maiatzeko azken astebukaeran bertatik jaso genuen gonbidapenari kasu eginez. Nafarroako kanpaijoleek urteroko elkarteratzea ospatzen zuten bertan eta Nafarrak ez ginen kanpaijole batzuk ere bertan egon ginen gure parte hartzea eskeiniz.DSCF3020

Oraingo honetan Mikel eta Gorka izan ziren Arientzako Kanpaijoleen ordezkari gisa bertaratu zirenak. Bidaian euri jasa izugarriak arrapatu zituen arren, bertara heltzean auto barruan 10 minutu egonda gero atertu zuen, norbaitek Horeixena edo Tentenublo jo balu bezala.

Hamarretarako iragarrita zegoen gozaria dastatzera joan ziren bertako kultur etxera. Hirugiarrea eta txorixoa brazan erreta, patata tortilla, patata prijitu eta olibak besteak beste, gustora jan zituzten ardo eta freskagarriez lagunduta.

Apurnaka kanpaijole gehiago agertuz joan ziren, batzuk aspaldiko ezagunak, beste batzuk igaz Olastin ezagutu zituztenak, beste batzuk entzutez ezagunak zirenak eta ezezagun batzuk handik aurrera ezagun bihurtuko zirenak.

Gozariaren ostean Alloko herria bisitatu zuten Historian Doktorea den Elba Ochoa Larraonaren eskutik. Harlanduz eginiko etxe dotoreak dauzkan herria da Allo, Jauregui eta Jauntxoen etxe ederrak dituena. Baita udaletxe, ermita, eleiza eta gurutzbide garrantzitsu bat ere, bere aterpe ta guzti, gasteleraz humilladero esaten diotena, herrian sartzean bertan belaunikatu beharra zutelako bisitariek.

DSCF3002

Hamabiak ingururako eleizara gerturatu zen ibilaldia. Eleiza izugarria eta dotorea barrutik, erretablo ederrekin, koroan organo izugarriarekin eta lehioz inguratutako kupularekin. Baina dirudienez, hain eleiza ederra eginda diru denak gastatu zituzten eta kanpandorrea egiteko ez zitzaien dirurik gelditu eta pareta batean kokatu behar izan zituzten kanpaiak. Kanpai ederrak egia esan, egurrezko uztarri zaharrekin.

Kanpaijoleen momentua iritxi zen. Txandaka igo behar izan zuten kanpaijoleek eta ikusleek, hamarreko taldeetan, segurtasuna bermatu aldera. Mikel lehen txandan igo zen eta Gorka bigarrenean eta kanpaijole denak bezala, etziren kanpandorretik atera joaldiak bukatu arte. Hasiera buelta kanpaiekin eman zitzaion, eurek bandeo esanten dioten arren. Kanpai bakarra jartzen dute bueltaka bi lagunen artean eraginda eta bestea bueltaka balebil bezala simulazioa eginez jotzen dute. Luzaroan jo zuten bandeoa, kanpaijoleak txandakatu arren kanpaiak bueltaka mantentzen zituztelarik. Bakoitzak nekatu arte joaz eta atsedena hartuta gero, berriz animatuz. Momentu posgarriena Mikelentzat, Ezkaraiko Gonzalokin batera bueltaka jo zituenean izan zen. Luzaroan eragin zioten kanpaiari, gustora biak ere.

DSCF3006

Gorka eta beste batzuk aldiz, errepikak jotzeko aukerarik egongo zen zai zeuden. Antolatzaileak igerri zion Gorkari bere ardura eta baietzko keinu batez jakinarazi zion beraientzat ere egongo zela aukera. Handik gutxira errepikak jotzen hasi ziren, Artajonako Benito Linzoain eta Iñaki Altuna, Lakuntzako Angel Alegria, Olaztiko Jesus Solas, Iruñeako Migel Bañales, Ezkaraiko Gonzalok tentenublo jo zuen, gure taldekide den Mikelek Bolibarko errepika jo zuen eta Letxuga kanpaia eta Arientzako errepikak jo zituen Gorkak. Gero berriz bandeoarekin jarraitu zuten amaigabeko joaldian.

Kanpandorretik jetxi eta herriko tabernetatik errondan ibili ziren jota abeslariek eta soinujoleek lagundurik. Izugarrizko giro onean ibili ziren, jota abeslariak ez dira oso ezagunak gure inguruetan baina benetan giro ederra jartzen dute beraien ahots indartsuarekin eta joten bertso erakargarriekin.

DSCF3027

Horrela ibili ziren bazkalordua iritxi arte. Berrogeita hamar lagun inguru galditu ziren bazkaltzera, elkar ezagutu eta elkarren arteko esperientziak eta jakituria trukatzeko aukera ederrean. Bazkari ederra, serbitzu hobea, lagunarteko giro sanoa eta bazkal ostean berriz jota kantariak. Opariak ere banatu zituzten, zapi gorri bana eta estainozko kanpaitxo txiki bat bertako eguna gogoan izan zezaten.

Beste momentu garrantzitsu bat falta zen eta antolatzeileek esan zutenez, mahaitik etzen inor mugituko datorren urterako beste herri antolatzaile bat aukeratu arte. Aukeratu baino, norbaitek bere burua aurkeztea izan zen egia esan eta bazkal ostean jendea ausartago egoten denez, Lakuntzako lagunak agertu ziren ardura hartzeko prest. Lanak bukatutzat emanda, etxera bueltatzeko momentua iritxi zen.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s