Arientzako joaldiak

AGONIAKOAK, kanpai txikiarekin geldi geldi jotzen dira. Bat edo bat hil-ixan zenean jotzen ziren.

AINGERU KANPAIA,kanpai txikiarekin azkar- azkar jotzen da, Umeren bat hiltzen zenean jotzen zen. Bolibarren kanpai birekin jotako errepika modu bat zen, Aretxabaletan berriz buelta kanpai txikia. Kanpai txikiarekin joten direnen artean, hauxe da bizkorrena, geldiena berriz agoniakoa eta tartekoa, su kanpaia.

ARGI KANPAIA,  kanpai handiarekin jotzen da. Arimen eguneko egunsentian jotzen zen, hil kanpaien aurretik. Sasoi baten, egunero joko zela uste dugu, Azatzan behintzat bai. Argi kanpaie

AUZO KANPAIA, kanpai handiarekin jotzen da. Auzokoak elizpera erakartzeko balio zuen. Geuk ere gogoan daukagu, auzo alkateak meza ostean, elizako ate osteko sokatik tira eginda, jotzen zuela, auzokoontzat berriren bat zeukanean. San Bizenten ere jo izan zen. Hiru hiruko dira.

AVE MARIATAKOA ETA ANGELUSA, kanpai handiarekin jotzen da. Lehenengo hiru, tartetxo bat, eta gero ilaran 10-12 bat. Ave Mariatakoa iluntzean jotzen zen, eta angelusa eguerdian. Hau entzundakoan, txapela erantzi, arta jorra edo dena delakoa utzi eta angelusa errezatzen zuten. Esaerak dio, idiak ere joaldi hau ezagutzen zutela, eta entzuterakoan gelditu egiten zirela.

ELIZAKOAK, kanpai biekin jotako errepikak dira. Errepika normalak baino hasiera motzagoa daukate. Hiru ekinaldi izaten dira. Gaixoren batek txarrera egiten bazuen, abadeari deitzen zitzaion elizakoak eraman ziezazkion, eta elizatik ateratzerakoan jotzen ziren.

ERREPIKAK, kanpai biekin jotzen dira, bi ekinaldi izaten dira. Hau da kanpai joaldirik handiena, indartsuena eta kanpai joleak bere abilidadea erakusten duena, besoak minduta gelditzen bazaizkio ere. Jai bezperatan eta jai egunetan jotzen dira. Zapatuetakoari, Ardantzan “garbantzu kanpaie” eta Txikinekoan “ordubixetako kanpaie” deitu izan die.

ERROGATIBAK, kanpai biekin jotako errepikak dira, elizakoak modukoak jokeran. Urtean zehar bi egunetan jotzen ziren: Asentsio aurreko hiru egunetan eta San Markox egunean, elizpean  prozesioa egiten zen bitartean. Asentsiotakoa hiru ekinalditakoa izaten zen, eta San Markoxetakoa ekinaldi bakarrekoa. Beharra izanez gero, eta auzoak hala eskatu, esandako egunetatik kanpo ere egiten ziren erreguok, euri premia zela edo…Orduan ere hiru ekinalditakoa izaten zen joaldia.

HIL KANPAIAK, kanpai biekin jotzen da geldi-geldi. Gizonezkoa baldin ba da hildakoa, hasieran hiru bider biekin batera, gero tin-tan txandaka, eta bukaeran berriz hiru bider baterakoak. Emakumezkoa baldin ba da hildakoa, baterakoak bi bakarrik dira, bai hasieran eta bai bukaeran. Bolibarren ere holaxe ei zen, baina baterakoak 4, 6 edo 8 zirenean , hildakoa abadea,  obispoa edo Aita Santua zenaren seinale zen. Arientzan, Aita Santua hil zeneko kanpaiekin gogoratzen dira.

HIRUKOA,kanpai handiarekin jotzen da. Sarritan akolitoak, berak, sokatik tira eginda. Elizkizunari hasiera emateko hiru kanpai dira.

KANPA-LUZEA, kanpai handiarekin jotzen da, ate osteko sokatik tira eginda askotan. Elizkizuna baino ordu erdi lehenago jotzen da, 19-20 kanpai dira.

LETXUGA KANPAIA, kanpai biekin jotako eguerdiko kanpaia da. Santa Kurtzetik, Santa Kurtzerakoa zen, maiatzaren 3tik,irailaren 14rartekoa.

OREIARENA, kanpai handiarekin, geldi samar jotzen da.Oreia zetorrela ikusten zenean, kanpaia jo eta abadeak elizpera irtenda, konjurua egiten zuen, kalterik izan ez zedin. Etxe atarian berriz, etxeko andreak, San Juan sortatik hartutako belarrekin sutxoa pizten zuen. Arratoiak akabatzeko ere, egiten zen konjurua.

SU KANPAIA, kanpai txikiarekin jotzen da. Suteren bat izaten zenean, auzokoei dei egiteko balio zuen. Beste auzo batzuetan, Bolibarren, Azatzan eta, kanpai biekin jotzen zen. Aretxabaletan berriz, batekin