Pio kanpajolea

Urtarrilak 6an joan ei zen Pio. Gu gerora enteratu ginen. Doluminak etxekoei.

Kanpai jole bikaina eta bizia zen eta behin  bere joaldia Aixolako kanpandorrean jasotzeko aukera izan genuen. Pio Aixolan

Advertisements

2008ko irailaren 13a zen, euri eguna; egun hartan igo zen, azkenengo aldiz, Juane Areantzako kanpaietara.

Auzoko kontu batzuk kontau gure gittuen, eta urrin fan barik agertu zien Danel bertsolari,

Danel Goikolea

Oier eta Aitor musikari,

DSC_0735

Monse  lekaixoka,

DSC_0747

Jose Luis latinez, Joseba kontulari,

DSC_0785

Nuria itzultzaile,

DSC_0878

Iraitz argazkilari, Nati kanpaitxuekin eta ehun bat lagun lasto fardotan auditorioa beteten.

This slideshow requires JavaScript.

Eta holaxe, denon artean kontatu genituen honako hauek:

  1. urtean egindakoa dela jartzen du kanpai handiak, hemendik begiratuta ezkerrekoak, «siendo mayordomo Joan Ochoa de Arenaza», eta, dakigunez, ondoz ondoko hiru belaunalditan egon zen izen horrekin norbait hemen, Areantza Handin; horregatik, kanpai hau bertarako eta bertan egindakoa dela pentsatzen dugu.

Besteak ez digu horrelako arrastorik ematen; baina, dituen hizki gotikoak kontuan hartuta, 100 bat urte zaharragoa izan daitekeela esan digute adituek.

Kanpandorrea, berriz, askotan kontatu dugu, 1856an eraiki zen, Txikinekuatik Andaluzia aldera joan zen Pedro Antonio Arenazak emandako diruarekin. Areantzara bueltatu zenean eta hain kanpandorre bapeza ikusi, minduta gelditu ei zen, berak horretarako baino diru gehiago eman zuela eta.

Hirugarren kanpaia San Bizente elizan daukagu. 1664koa dela jartzen du, eta Araba aldetik ekarritakoa ote den kontatzen zuen Ardantzako Patxik, berak hala entzunda zeukala.

Kanpaiak eta kanpai-joleak daudelako, Areantzan kanpaiak dira!

 ARGI KANPAIA (joaldia)

 Oilarrarekin batera, horrela hazten da eguna.

Argi kanpaia egunsentian jotzen zen, egunari hasiera emateko behar bada, edota eguneko lehendabiziko errezoak gogoratzeko. Aozaratzan, esaterako, egunero jotzen zela dauka gogoan hemengo jendeak; baina, Areantzan, aurretik hala izango zela pentsatzen badugu ere, Juanek kontatu zigun arimen egunean bakarrik jotzen zela, egun horretako beste joaldi batzuen aurretik.

Abadeak joko zuen beti. Hemen, Don Simon izan zen azken abadea. Elgoibarkoa zen eta 40 urtetan egon zen hemen abade.

Karlista sutsua zen eta Montejurrako urteroko hitzordura ez zuen hutsik egiten. Egun horretan, goizean goiz (oraindik ilunetan) ematen zuen sermoirik gabeko meza. Gerra denboran, hementxe, eliza barruan, atxilotu egin zuten, bezperatan zeuden auzokoen harridurarako. Atxilotuta egon ostean, Areantzara bueltatu zen gerra amaitu zenean.

Dena dela, mezak goiz ematekoa izan zen beti On Simon. Deguriako artzainek hemen entzuten zuten meza, mendira igo aurretik, baita kazariek ere, kazan joan aurretik. Andramaixetan, lehenengo meza (sukaldariendakoa) ere goiz izaten zen…

KANPAI LUZEA (joaldia)

“Kanpa luzie jo daue!” Urrutirengoak dena utzi eta elizarantz mugitzeko ordua; gertukoak lasai oraindik, ordu erdi falta da-eta mezatarako.

Kanpai luzea ate osteko sokatik tira eginda jotzen da, elizkizuna baino ordu erdi lehenago. Elizkizunerako lehenengo deia da, eta 19-20 kanpaikada dira.

Badatoz auzoko bizilagunak elizpera: azpialdeko harmailetatik datoz Txikinekuakoak, bolaleku ondoko xendatik Etxebarri, Ardantza eta Mitarte aldekoak eta aurrealdetik eliza ondokoak.

Ailegatu ahala, andreak eta neskatila-mutikoak barrura; gizonak, berriz, elizpean zain, azkena jotakoan barrura sartzeko.

Elizpe honek berba egingo balu… auzo honen berri emango luke. Jaioberriak hona ekartzen ziren beste inora baino lehen. Hildakoak ere hemendik pasatu dira, auzokoen bizkarrean, hankak aurretik dituztela.

Auzo bilerak, mutikoen pilota partidak eta jolasak ere izan dira hemen. Andramaixetako luntxa eta trikitiak gerora etorri ziren, eta baita kanpai-joleen eskolako entsegu eta batzarrak ere.

 HIRUKOA (joaldia)

Elizkizuna hastera doala adierazteko hiru kanpaikada dira, eta, gehienetan, sakristauek jotzen dituzte, ate osteko sokatik tiraka.

Azkena jo du; goazen barrura, hastera doa elizkizuna.

Abadea irten da sakristiatik, eta aldarera doa, monagilloa (elizmutila) atzetik duela. Etxebarriko mutikoak izango ziren hemen azkenak.

50 bat urte dela, behin, abadeak meza aurrera begira ematen zuen garaian, monagilloa haren ondoan zegoen belauniko. Aspertuta edo, eskuetan zeukan txilina desmuntatu zuen, tripak ikusteko. Ofertorio denboran, txilina jotzeko ordua iritsi zen eta… ezin txilinik jo. Orduan, abadeak ostikada bat bota zion mutikoari eta hura, kolpea saihestu nahian, lurrean bueltaka ibili zen.

Elizara sartzen, gertukoren bat izango da azkena. Aurreko bankuetan, gizonak jarriko dira txapela erantzita. Sakristau lana etxerik etxe egiten da txandaka, eta tokatzen zaiona sakristia aldeko aurrenengo bankuan jarriko da.

Elizako erdiko koskatik behera hilerriak (hilobiak) daude, eta bertan jarriko dira etxe bakoitzeko etxekoandreak elizkizunetan. Meza bukatutakoan, abadea gerturatu egingo zaie, errespontsu bana errezatzera.

 errespontsua (audioa)

 Etxe bakoitzak bere hilerria zeukan, bere aulki baxu, kandela eta argizaiolarekin. Oraindik ere hortxe daude marra batzuk, lurrean pintatuta.

Aurrera begira eta koskatik behera lehenak, pasilloaren ezkerretara, Peruenekoa eta ondoan Sardanetakoa daude. Pasilloaren eskumatara, berriz, Etxebarrikoa dago; haren ondoan, Josejuakinenekua eta, horma alderen, Mitarteandikokoa.

Atzerago, bigarren ilara batean (ezkerretara), pasillotik gertu, Txikinekoa, Peruenekoaren atzean, eta, horren ondoan, Ardantzakoa, Sardanetakoaren atzealdean. Bigarren ilara horretan, halaber, pasillotik gertuen baina eskumatara, Mitarteazpikokoa zegoen, Mitartegaraikokoaren ondoan, eta, horma alderen, Intxaurbekoa.

Korura mutil gazteak joango dira meza garrantzitsuetan, eliza gutxiagotan zapaltzen duten horiek.

Koruko eskailerapean beti egon izan dira mahai eta aulki bana. Hantxe jartzen zen Etxebarriko aitajauna aste barruko mezatan, abarka eta guzti, aurrerago sartzea ez zitzaion irudituko eta.

Korupean, ur bedeinkatuaren aldean, pontea ere badago, garai batean egurrezko erreja barruetan zegoena. Orain, berriz, Areantzako kanpai-joleen berri emateko lekua da.

 AUZO KANPAIA (joaldia)

 Auzo alkateak badauka zerbait esateko.

Auzo kanpaia hiru hirukok osatzen dute. Esatekoren bat zeukanean, auzo alkateak berak jotzen zuen, auzotarrei batu eragiteko. Askotan, meza ondoren, elizako ate osteko sokatik tira eginda joko zuen. Horrela, mezatara joan ez zirenek bazekiten abisuren bat zegoela, eta eurok arduratzen ziren galdetzeaz.

San Bizenten ere jo izan da auzo kanpaia, alkatea alde hartakoa suertatu izan denean.

Askotan, auzolanerako egunaren berri emateko izaten zen. Txakurrak bakunatzeko (txertatzeko) eguna ere urteroko abisua izaten zen, eta behien saneamendu kanpaina noiz zetorren edo kontribuzioak ordaintzeko egunak noiz izango ziren jakin eragiteko ere balio zuen.

Auzolan egunean lanean hasi orduko, auzo alkatea kaleraino joaten zen, udalak lanaren pizgarri eskaintzen duen ardoaren bila.

Sarri, bidearen mantenu lanak egiteko zen auzolana. Arekak garbitzea eta ur putzuak betetzea, orokorrean, beharra ikusten zenean egiten zen. Baina, irailean, Andramaixa aurreko zapatukoa betikoa da, eta oraindik ere irauten du. Sasoi batean, Mitarte aldekoek Sarriko bideen ardura zuten, eta besteek goiko bideena. Lana bukatutakoan, San Bizenten edo etxe bateko sukaldean elkartuko ziren denak, berba egin eta mokadutxo bat jateko.

Iraileko auzolan hori udaletxekoek ikuskatzen zuten, eta, bide batez, eskean etortzen ziren, bildutakoa Arantzazurako urteroko pelegrinazioan fraideei eramateko. Ondo gogoratzen zuen Faustino Txikinekok, behin, oilaskoa makilatik zintzilik zeramatela.

  1. eta 2. bertsoak

 SU KANPAIA (joaldia)

“Sua, sua!” (kanpandorretik uluka)

 Su kanpaia, joaldi larri bat da, kanpai txikiarekin jotzen dena. Suteren bat izaten denean, auzokoei dei egin eta laguntza eskatzeko jotzen da.

Hemengoek gogoan zuten Zuatzu erre zeneko pasartea. Egun horretan, mezatan zegoen jendea, eta eliza barrenetik Etxebarriko agurea sartu zen, «Zuetzu sutan dago!» esanez. Bertan behera gelditu zen elizkizuna. Beste behin, Uriaga Peñakulo baserria ere suak hartu zuen, eta hemendik ere joan ziran laguntzera. Gogoan dute nola beheko iturritik jende ilara luzea osatu zuten etxeraino, eta, balde, pozal edo putzu-ontzi eta lapikoak bata besteari emanez, ura garraiatu zutela sua zegoen lekuraino.

 ANGELUSA (joaldia)

 angelusaren errezoa (audioa)

 Angelusa kanpai handiarekin jotzen da, sokatik tira eginda: lehenengo, hiru kanpaikada, gero tartetxo bat eta gero ilaran 10-12 bat. Egunero jotzen zen, eguerdian, eta bazkalordua edo bigarren errezo ordua adierazten zuen.

Hori entzundakoan, behin baino gehiagotan, egitekoa utzi, txapela erantzi eta angelusa errezatuko zuen arto jorran zebilen agureak. Idiek ere bazekiten hori, eta joaldia entzundakoan, inork besterik esan gabe, gelditu egiten ziren.

Don Simon berak ere askotan joko zuen, ondoren elizako atea itxi eta bazkaltzera joateko. Gerora, Lorentza izango zen orduari kasu eginda joko zuen azkena.

 LETXUGA KANPAIA (joaldia)

 Letxuga kanpaia uda garaiko errepika bat da. Maiatzeko Santa Kruzetik iraileko Santa Kruzera bitartean jotzen zen eguerdi guztietan, angelusaren jarraian, maiatzaren 3tik irailaren 14ra bitartean. Gure inguruko auzo guztietan, izen eta jokera berak zeuzkan. Soroak babesteko joaldia zen, haiek bedeinkatu eta etor zitezkeen izurrite eta kalteak uxatzekoa.

Kanpai-jole eskolakoak lehenengo aldiz Marinera joan zirenean, Daniel bertako azken kanpai-jolearekin igo ziren kanpaietara. 80 urtetik gorakoa zen ordurako, eta, Letxuga kanpaia entzun zuenean, bere aitajaunak jotzen zuen joaldi hura ezagutu egin zuen pozarren.

Uda garaian, ura beharrezkoa izaten da, uzta aurrera atera eta urte guztirako jana jaso ahal izateko; baina, askotan, euri gutxiko sasoiak izaten dira. Ba, euria eskatzeko, errogatibak egiten ziren, eta beren joaldi propioa zuten, jendea eskaeretara erakartzeko.

 ERROGATIBAK (joaldia)

errezoa (audio)

 Urtean zehar, bi sasoi jakinetan jotzen zen errepika hori: Asentsio aurreko hiru egunetan eta San Markos egunean, elizpean prozesioa egiten zen bitartean. Asentsiotakoa hiru ekinaldikoa izaten zela eta San Markosetakoa ekinaldi bakarrekoa izaten zela kontatzen zuen Juanek. Beharra izanez gero eta auzoak eskatuta, esandako egunetatik kanpo ere egiten ziren erreguok. Orduan ere hiru ekinaldikoa izaten zen joaldia.

Kontatu digutenez, beste behin Mitarte aldekoak izan ziren errogatibak eskatu zituztenak; sikua joango zen urte sasoi hura, duda barik. Intxaurbeko soroan mutikoa, Patxi izango zena, amandreari laguntzen zebilen egun hartan, Mitarte aldekoak eliza ondorantz etortzen ikusi zituztenean. «Mutikue, zoiez zeu be eleixara, erroatibak errezau bittue ta» esan zion amandreak. Eta mutikoak erantzun: «Mitarte aldien eurixe ein biher badau, hamen be eingo dau…».

Baina inoiz badaki euria zakar eta txingorra ere egiten, guztion kalterako. Soro lanetatik bizi denak badaki hori, eta beldurra ere ematen dio. Mendiolan, Elizabarriko ermita horeixak (ekaitzak) gelditzeko eraiki ei zuten, eta, beste leku batzuetan moduan, hemen bertan ere konjurua egiten zuen abadeak, hodei kaltegarria uxatu edo, gutxienez, desbideratzeko, bere kanpai joaldiarekin lagunduta.

 HODEIARENA (joaldia)

 konjuruko errezoa (audioa)

Txalapartarekin batera

 Horeixena kanpai handiarekin jotzen da, geldi samar. Ekaitza zetorrela ikusten zenean, kanpaia jo eta abadeak, elizpera irtenda, konjurua egiten zuen, kalterik izan ez zedin.

Aldi berean, etxe atarian, etxekoandreak sutxoa piztuko zuen, San Juan sortatik hartutako belarrekin.

Arratoiak akabatzeko ere, egiten zen konjurua.

Ez dago garbi esaterik hodeiak uxatzea lortzen zen edo ez, baina gutxienez abisua ematen zuela bai.

Araba aldean beste jotzeko era bat daukate hodeiak uxatzeko, eta hari lotutako kantu nemoteknikoak garbi adierazten du helburua:

«Tente nublo, tente en pie,

no te vengas contra mí.

Si eres agua ven aquí.

Si eres piedra vete allá.

Siete leguas de Miranda,

siete leguas más allá».

Hemen ere leku guztietako kontua: ona niretzat eta txarra besteentzat.

 

3., 4. eta 5. bertsoak

Baina auzoko egunerokoan izaten dira bestelako egunak ere.

 ELIZAKOA (joaldia)

 Elizakoak kanpai biekin jotako errepikak dira. Errepika normalak baino hasiera motzagoa daukate. Hiru ekinaldi izaten dira. Auzokoren bati elizakoak eramatera zihoazela adierazten zuen.

Auzoko norbait gaixotzen denean edo gaixoak txarrera egiten duenean, gaur egun medikuarengana edo ospitalera jotzen dugu guztiok. Urte haietan, ostera, abadeari deitzen zitzaion horrelakoetan, elizakoak eraman ziezazkion badaezpada. Eta elizatik ateratzerakoan jotzen ziren kanpaiok.

 Txilina jotzen

 Bidean, elizmutilak laguntzen zion txilina joaz. Norbait beraiekin gurutzatzen bazen, belaunikatu eta Santo Kristoa gurtu behar izaten zuen.

Gaixoaren etxera iritsitakoan, gehienetan kolore zuri-zuriarekin aurkitzen zuen abadeak, batek daki: ala gaixotasunaren ondorioz zen ala, azken abisua balitz bezala, holako kanpai zaparrada bere izenean entzun berria zelako.

Musika tristea

AGONIAKOA (joaldia)

 Agoniakoa kanpai txikiarekin jotzen zen geldi-geldi.

Bat edo bat hil-ixan (hilzorian) zegoenean jotzen ziren agoniakoak. Pertsona horren azken orduetan sartu gara, bere egoerak ez dauka atzera-bueltarik, gutxi barru izango dira hil kanpaiak.

 

Isilunea

 

Hil kanpaia kanpai biekin jotzen da geldi-geldi. Hildakoa gizona edo emakumea den bereizten du. Gizonezkoa bada hildakoa, hasieran hiru bider jotzen dira biak batera; gero, tin-tan txandaka eta, bukaeran, baterakoak hiru bider jotzen dira. Emakumezkoa bada hildakoa, baterakoak bi bakarrik dira, bai hasieran eta bai bukaeran.

Entzun ondo. Kanpaion arabera, gizona ala emakumea da gaurko ustezko hildakoa?

Entzun ondo ze… zeuenak ez dituzue entzungo.

 HIL KANPAIAK (joaldia)

 Orokorrean, norbait hildakoan, berehala jotzen dira kanpaiok eta, gero, hileta egunean, hildakoa elizara sartzerakoan eta elizatik ateratzerakoan ere bai.

Bolibarren ere holaxe ei zen, baina baterakoak edo dobleak 4, 6 edo 8 zirenean, hildakoa abadea, obispoa edo Aita Santua zela esan gura zuen.

Hemengo zaharrenak Aita Santua hil zeneko kanpaiekin gogoratzen dira.

Baina bada hil kanpai alaiago bat, aingeru kanpaia, umea hiltzen zenekoa. Kanpai txikiarekin bakarrik jotzen direnen artean, horixe da bizkorrena; geldiena, berriz, agoniakoa, eta tartekoa, su kanpaia.

AINGERU KANPAIA (joaldia)

 Bekaturik gabeko arima zerura bidean poz-pozik doanaren ezaugarri nonbait, Bolibarren kanpai birekin jotako errepika modu bat zen. Aretxabaletan, berriz, kanpai txikiari bueltak eraginda jotzen zen aingeru kanpaia.

 Bukaeraren hasiera, MUSIKATUTA

 Gaurko kontakizun honi akabera ematera goaz. Eguna ondo beteta gelditu zaigu. Egunsentian, argi kanpaiak iratzartu gaitu. Meza izan dugu eta auzolana ere deitu dugu hemendik. Euria eskatzen ere ibili gara, agorrari tokatzen zaion moduan; baina, badaezpada, konjurua ere egin dugu elizpetik, ekaitza, gaur behintzat, kaltegarria izan ez dadin edota arratoiek ganbarako artoa bakean utz dezaten.

Behar ez den su bat isiotu delakotan ere urduri jarri gara. Norbait gaixotu ere egin da, eta okerrera ere egin du, guztion tristurarako. Eta, ezinbestekoa denez, gure artetik emakumezkoa joan dela abisatu dugu azkenean. Guztia, hemen gure aurretik izan zirenek egin izan zuten legera, kanpai hotsez baliatuta.

Baina hau guztiau antzerkia izan da gaur. Benetakoa gaurko eguna da, Arientzako kanpai-jole eskolak 10. urteurrena zuekin ospatu gura duen eguna.

Aurten, ofizialki eratu gara elkarte moduan, eta «Juane» ipini diogu izena; garbi dago zergatik: hasiera-hasieratik, bera hartu genuelako kanpai-jole onaren eredu. Juaneri berari ikasi genion Areantzan jaso eta gaur hemen jo ditugun 13 joaldi ezberdinak.

Haren anaiek (Felisek, Ferminek eta Eugeniok) ere ederto jo izan dituzte kanpaiak. Anaien arteko norgehiagoka askotan onartu izan dute: mutikoak zirenean, harriak botatzen zizkioten intxaur arbolari, kanpai jotzea irudikatuz. Baina Juane zen anaietan zaharrena, eta seguruenik berari tokatuko zitzaion, gehienetan, kanpaiak astintzea mutikotan, tio Luzioren erreleboa hartuta, ia-ia kanpaietara ailegatzen ez zela.

Belarri onekoa zen; soldaduskan ere danborra jo zuen. Kanpaiak jotzen zituenean, urrutitik ezagutzen ziren haren joaldiak.

Juaneri berari entzundakoak dira hemen kontatu ditugun kontu gehienak, eta kontatzeko gelditu diren beste asko eta asko:

Obispoa (apezpikua) auzoz auzo bisitan zebilela-eta ongietorria kanpaiekin egin zionekoa esaterako: Juane denboraz hasi zen kanpaiak jotzen, apezpikua Irabanen gora zetorrela eta; besoak lehertu zitzaizkion ia hainbeste jo beharrez, eta artean gotzaina ageri ez. Dena bertan behera utzi behar izan zuen, ezinaren ezinez, eta alberga (ur-biltegi) ondora joan zen. Obispoa auskalo non zetorren…

Bestelako kontua izan zen bere hil kanpaiak entzun zituen auzotarrarena ere.

Edo, beste behin, Andramaixa eguna eguenez tokatu zenekoa. Andramaixa bigarrena egubakoitzean ospatu zuten, eta, gutxi iritzita edo, gazteek hirugarrena ere ospatzea erabaki zuten, soinu-jotzailearekin berba eginda. Joxe Mari Josejuakinena kaleraino joan zen bizikletan, behar zen baimenaren bila. Bestela, egun normala izan ei zen: urteroko auzolana ere egin zuten gizonek. Arratsaldean, Don Simon Elgoibartik bueltatu zen; izan ere, jaietako meza nagusia eman ondoren, etxekoak bisitatzera joaten zen urtero, jaiekin holako ikusiezin bat ere bazeukan eta. Bueltatu zen, eta, gazteak oraindik jaietan ikusi zituenean, sutan jarri zen itxuraz. Orduan, elizara sartu eta, sokatik tira eginez, kanpaiak jo eta jo hasi ei zen, bere onetik irtenda (Elizondoko zaharrenak joan ei ziren gelditzeko esaten), kanpaietako soka apurtu zen arte.

Hemen kanpai porra egin genuenean, eskolako ikasleoi nota jarri zigun banan-banan; ez pentsa denok gainditu genuenik. 2008ko irailaren 13a zen, euri eguna; egun hartan igo zen, azkenengo aldiz, Juane Areantzako kanpaietara.

eta 7. bertsoak

Azken joaldia falta zaigu, errepikak deritzona, kanpai joaldirik handiena, indartsuena eta kanpai-joleak bere abilidadea erakusten duena, askotan besoak minduta gelditzen bazaizkio ere. Kanpai biekin jotzen dira; bi ekinaldi izaten dituzte eta jai bezperatan eta jaiegunetan jotzen dira. Zapatuetakoari, Ardantzan “garbantzu kanpaie” eta Txikinekuan “ordubixetako kanpaie” deitu izan diete.

Abemariatakoa ere hor geldituko da, jo barik, eguneko hirugarren errezoaldia edo erromeriaren akabera ekartzen zuen eta. Eta guk ez dugu holakorik gura oraindik.

 ERREPIKAK (joaldia)

Bertan izan ginen guztiok gogoan.

 

NIDAGUILA (BURGOS).

NIDAGUILA (BURGOS), 2017-ko uztailak 23.

Goizeko hamaiketarako heldu ginen Masako paramoan dagoen herrira. Inor gutxi ikusten zen oraindik herrian, gauean egondakoaren ondoren normala iruditu zitzuigun, goizaldeko lau terdiretatik goizeko zazpirak arte ibili bait zen DJ bat musika jartzen.

DSCF2809

Herritik buelta bat eman genuen, lehen begiratuan herri polita zirudiena, halaxe zela baieztatzera. Eta halaxe zen, naiz eta paraje menditxu eta itxuraz gogorrean egon. Harrizko etxe ederrak ditu, umeentzako hiru jolasleku, nagusientzako gimnasia ariketak egiteko parketxo bat eta jardinak eta kale ezkinak txukun txukun belarra moztuta eta zuhaizkak forma desberdinak emanak.

Badirudi herriak daukan harrobiari eta dituen haize errota ugariei eskerrak dela, bietariko bat ere ez dago herritik bistan. Herria bailara batean sartua bait dago, harrobia beste arro batean omen dago eta errotak gainean dagoen paramoan. Baliabide horiek emandako diru sarrerak, ondo erabiltzen dakite herrian eta neguko biztanleria oso murritza bada ere, uda aldera, gendea hurbiltzen da herrira.

Eleiza ondora bueltatu eta han zebilen gure lagun Ismael de la Iglesia. Berak gonbidatuta joanak ginen eta toki berri batean kanpaiak jotzeko aukerari ezin ezetz esan. Eleiza txikia bezain dotorea zen eta txikia izanagatik, erretablo eta kapillekin bete bete egina. Santa Marina ere bertan zegoen, herritik bere bueltatxoa egiteko prest. Hori bai, kanpandorre ederra dauka, eleizaren tamañarako desproportzionatua. Badirudi lehen espadaña esaten zaion kanpandorre txikia zuela eta gero gehitu zitzaiola orain dauka dorre laukia.DSCF2812

Gonzalo, herriko kanpaijolea agertu zenean, kanpantorrera igon ginen eta beraien artean, bi eskila txikiak jarri zituzten bueltaka. Jarraian Gonzalok errepika motz eta azkar bat jo zuen hamabietan prozesioa egongo zela abixatuz.

Mesa aurretik zen prozesioa. Santa Marina eta banderak herritik zehar eraman zituzten denbora guztian, kanpai haundiei buelta eragin zieten Gonzalok eta Ismaelek. Alkatea bere makilarekin, Santa Marinaren atzetik zijoan jendetzaren artean lehena.DSCF2823

Ondoren meza etorri zen eta meza ostean gure txanda. Kainpaien berezko funtzioa meza aurretik izaten bada ere, kasu hontan herriak entzuteko joaldi aurkeztua izango zenez, plazako aterpean zegoen jendetzarentzako jo behar genuen.

Lastima Gonzalok etzuela nahi izan jotzea. Niretzat  interesgarriena herriko kanpajolea entzutea da eta kanpotarrak bere baimenez eta bere esanetara egon behar ginateke.DSCF2819

Behean aurkezle bat zegoen zer jo behar genuen esanez eta ze zentzu zuen azalduz. Ismael hasi eta gero niri txanda emanez jo genituen kanpaiak ordu erdiko saioan. Berak, toque de concejo, arrebato, hil kanpaia, tentenublo eta jaietako errepikak jo zituen. Nik, Gorkak, berriz, Arabako Elburgon jotzen den tentenublo, gure letxuga kanpaia eta errepikak. Gero buelta eragin genien kanpai handiei,buelta kanpaiak oso estimatuak bait dira toki gehienetan. Momentu horretan konturatu nintzen prozesioak iraun zuen denbora guzti horretan kanpaiei eragitea zein neketsua den. Eskerrak kanpandorrean zegoen Ismaelen ikasle den neskak lagundu zigula tarte batean, bestela niri luze egingo zitzaidan bost minutuko tarte hori. Azkenik eta saioa nik amaituz, Arientzan oso gustoko dugun Ondarruko errepika jo nuen, beti ere, Imanol Lasarte gure lagunaren baimenarekin. Uste dut ondo moldatu nintzela joaldian. Ni beintzat guztora geratu nintzen. Kanpaien mihiak etziren oso astunak eta kanpai arteko tartea oso handia etzen, ondorioz biok gustora geratu ginen.

Gero plazan eta herritarrekin nahasi, bokadutxoa egin genuen, kanpaien inguruko kontuak esan eta entzunez. Eguna amaitzeko udaletxean jarri ziguten bazkariaz beste egin genuen tertulia ederrean eta esango nuke, mahai inguruko momentu horiek izan zirela eguneko momenturik onetarikoak.

Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei beren harreragatik, Gonzalori nolabait bereak diren kanpaiak jotzen usteagatik eta Ismaeli gonbidapena luzatu izanagatik.

Añua

2017ko ekainak 25a. Kanpai-joleok Añuan daukagu hitzordua, bertan Bonifacio Jausoro “Boni” kanpai-jole eta kanpai-joleen maisua omentzen dute eta.

añua9

Añua, Gasteiztik  gertu dagoen Elburgo/Burgelu udalerriko auzune edo “concejo” bat da, Argomaniz, Hixona, Arbulo eta Gazeta bezala. Inon auzo edo herri giroa auzolanean sumatu ba dugu, hementxe izan da.

Kanpaietan hasi ginenetik ezagutzen ditugu Elburgoko kanpai-joleak, 2008an Otala zelaiko egunean egin genuen deialdira etorri ziren , baita 2011 Aretxabaletan ospatu genituen jardunaldietara, eta hortik zehar egoten diren bilkura askotan elkartzen gara beraiekin.

11:00tarako agertu gara bertara, dagoeneko bertakoak ez eze, Amurriokoak ere han daude esku bat botatzen, Iruñako katedralekoak, Burgoskoak, eta guretzat ezezagunak diren lautadako beste hainbat kanpai-jole .

Eleiza ondoan daukaten udal txoko eta plaza berrituan elkartu gara. Orduari kasu eginez eliza barrura bideratu gaituzte, bertan eliza hutsa ikusi dugu, biluzia esaterako, erretabloa bera ere albo batera zokoratuta. Hasi da Pedro Luis Etxeberria aditua hizketan eta segituan konturatu gara eliza honen bitxikeriez. “zeruan” eta ormatan dituen margo lanak.

Paretak eta sabaia margotzearena, erromaniko bukaerako nekazal gunetako elizetan erabili zen apaingarri xumea, merkea eta ohikoa izan zen. gerora denboraren poderioz alde batetik  eta gutxi iritzita bestetik kentzen eta estaltzen  joan direnak. Añuako elizan oraindik irauten dutenak, agerian jarri dituzte eraberritzeko lanetan. Horregatik itxura biluzi hori.

Ismael de la Iglesiak ondoren kanpai eta joaldiei buruz aritu da hizketan.

Elburgon ba da jaiotza edo “belen-zale” talde bat ere, eta beraien lanak, eliza honetan daude ikusgai, besteak beste oinarri ez ohikoetan kokatuta, joku makina edo telebista barruetan esaterako.

Añua2

Lehenengo illaran dago Boni eta etorri zaio egitarautik kanpoko sorpresa ere, herriko “Erkametza” kantu taldeak lau bost bat kantu eskaini dizkiote. Sorpresa izan da, bera  ere talde horretakoa izanik ixilean prestatuta zeukaten eta.

Elizatik atera eta Kanpaijoleon txanda etorri da ondoren, batzuk kanpandorrera eta beste batzuk plazan jarri dituzten kanpaietara joan gara. Banan banan izena aipatuz bakoitzak berea jo dugu, Julenek letxuga kanpaia jo du eta Gorkak Juanen errepika. kanpandorre ezezagunetan betik gertatzen zaigun bezala, ezin guztiz ondo moldatu joaldi bakarrera, baina besteen parean egon gara, hau ez baita  lehiaketa bat.

añua1

Kanpaijole bat aipatzearren Bonin illoba, Judith Jausoro,aipatuko nuke,  ez bai da sarri gertatzen emakume bat kanpaietan ikustea. Ederki moldatu da gainera.

Azkena jotzen, Boni bera izan da, plaza erdian kanpai txikiekin gustura eta maisuki aritu da bere gogoko kanpaiak astintzen .

Ondoren etorri da omenaldi ofizial: bertako alkatea den Natik hitz egin ondoren, aurreskua dantzatu diote.  Abelek egindako kanpai bat oparitu dio herriak, Amurriokoak plaka bat, Iruñakoak lepoko gorri bat, eta guk geurea dugun Arientzako kanpai jole eskolako giltza zorroa. Apal apal eskerrak emateko aukera ere izan du Bonik eta herriko batek espresuki egindako liburuxka batetan  nahi izan dugunok zerbait idatzita utzi diogu oroigarri.

añua6

Gero etorri dira talde argazkiak eta abar, Bazkaria herriko emakume taldeak prestatutakoa izan da.

Gurekin bazkaltzen daude Iurretakoak eta Os de Balaguerrekoak ere, guztira 80 bat lagun. Goiz guztian zehar eta bazkal ostean Kepa Pinedo eta bere lagunak jarri dute musika. Tartean aspaldi ikusteke geneukan Rafa, Astegietako kanpaijolea, asken urte honetan etxetik ia atera gabe egon dena, gustura entzun ditugu bere trikiti doinuak.

Egun honetarako Rantxera esagun bati ere egokitu diote letra: El campanero señores, el campanero señores. El campanero Jausoro ha vuelto a hacerlas sonar.

añua8

Zorionak Boni.