Sapuek eta sugak erre!

Garixe ta artue gorde!. Ez dauka gaur egungo aldarrikapen baten itxurarik. Noizkoa ote da eskaera hau?.

San Juan bezperako suaren bueltan hauxe bera kantatzen dugu urtero. Baina sinesmenak eta konjuruak, egunerokoa babesteko ezin bestekoak ziren denboratako desioa dela, ez dugu zalantzan jartzen.

Sua prestatzeko basotik abarrak, ekartzeko auzoko gazteak idiek edo astoekin baliatzen ziren garaiak gogoan ditugu. Gaur egun etxe bueltan nahiko erregai bilatzen dugu momentu seinalatu horretan sua emateko.

Hori bai, kale egin gabe, ekainak 23 San Juan bezpera iluntzean, udako solstizio egunetik gertu eguzkiari lagundu guran edo eguna luzatu nahian, hortxe ixotzen dugu bakoitzak bere tokian San Juan sua.

Iaztik gordetako San Juan sorta ihartua ere bertan erretzen dugu. Gogoan dugu Peruenien eta Josejoakinenien sorta horretako belar apur batzuekin, egun berean aurretik, sutxoak egiten zituztela hainbat soro izkinatan.

Sua garretan dagoela, gogoz kantatzen dugu, ahal dala inguruetako beste sugileak ere entzuteko moduan:

San Juen dala, San Juen dala.

Portaletañan goizien

Hamalau atzo tronpeta joten

zazpi astoren gainien

Beste hamalau, Beste hamalau

motroilo baten gainien.

Sapuek eta sugak erre!

Garixe ta artue gorde!

Biba biba San Juen (berde).

Beste auzoei begiratu bat ere botatzen diegu, nork piztu duen edo ez, nor dabilen goiz edo nor berandu. Suak kontatzen. Sua ikusten ez ba da ere kea nahiko adierazlea da. Belarriak ere erne jartzen ditugu besteenak entzuteko. Inoiz lekaixoren bat ere entzuten da eta.

XVI. mendekoak diren kanpaiekin jarduten dugu Arientzako kanpaijoleok etxean. Ba du horrek gizaldiz gizaldi, aurrekoak hurrengoari eman dion zerbaiten itxura. San Juan suak bezalaxe

Osasuntsu daukagu ohitura hau baserri inguruetan. Zer esanik ez aurten, kaleko itsaslamien kantuak ez ditugunean entzun. Ondo etorri zaigu aspalditik buruan genuen egitasmo bat burutu ahal izateko: nolabait momentuko magia hori jasotzea.

Gure aurrekoen ohiturak gogoko ditugun eta zaintzen ditugun guztiei gorazarrea izan dadila bideo motz hau. Gertuko irudiak Arientzako bost su ezberdinetan jasotakoak dira, kantua berriz Bolinagan. Aireko irudietan Korueta, Aozaratza, Larrino, Bedoña, Mendiola eta Arkarasoko suak ikusten dira.